Garai zailak izaten ari dira, gure bizitzako beste asko bezala. Izan ere, egunotan ia ezinezkoa da LGTBIfobiari buruz idaztea hilketen, erasoen, irainen edo izate hutsagatiko jazarpenei buruzko albisteek gure gorputzetan uzten duten kolpe lehor eta hotza sentitu gabe. Albiste horiek astetik astera, hilabetetik hilabetera, egunerokoak izaten ari dira, eta horrek agerian utzi du, modu basatian, betidanik hor egon den errealitatea, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin. Halere, nolabait, kolektiboko sektore batzuek ez diote merezi duen garrantzia eman.
Gaur egun, LGTBI pertsona askok estutasun, frustrazio eta, are, bakardade sentimendu legitimoak sentitzen ditugu. Gure sare sozialetako hormak, gure elkarrizketak, beldurrak kutsatzen ditu. Gorroto-delituen dimentsio psikosoziala eta komunitarioa ondorioa da; hain zuzen ere, eraso horiek helburu horrekin egiten dituzte. Eta aurrekoa bezain egia da, halaber, borroka luze baten erresilientzian eraikitako harrotasuna eta kontzientzia adierazteko gai garela.
Gorrotoak ez du lortu –eta ez du inoiz lortuko-, gure kolektiboko kideok askotarikoak ez garela aitortzea, gure komunitate-loturak indartzeari uko egitea, eta, besteak beste, feminismoa edo arrazakeriaren aurkako diskriminazio-sistema historikoak borrokatzen dituzten beste kausa batzuetatik ikasteari uztea. Gorrotoak ez du lortuko gure gizartean izateko, janzteko, maitatzeko, larrua jotzeko, bizitzeko eta gure sexualitatea beldurrik gabe adierazteko askatasuna zabaltzen jarraitzeari uko egitea.
Energia positibo, eraikitzaile eta kutsakor horrekin ekingo diogu maiatzaren 17ari, Lesbofobiaren, Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunari. Berdintasunaren eta giza eskubideen aldeko hitzordua da, eta herritar guztiak gonbidatuta daude, beren identitatea, orientazioa edo sexu-praktikak gorabehera.
Sergio Campo – Biltzen-eko teknikaria