20171107_110124

Emakume ijitoen ahalduntze-jardunaldia

Emakundek azaroaren 7ko goizean urtero sustatzen duen Berdintasunerako Foroaren testuinguruan izan da Bilboko Bilborock aretoan ‘Emakume Ijitoen ahalduntze-jardunaldia: Berdintasuna nigan ere hasten da‘. Euskal Autonomia Erkidegoko ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluan sartuta dagoen Euskadiko Emakume Ijitoen Batzordeak antolatutako topagunea da; Biltzenetik arduratzen gara haien idazkaritza teknikoko lanaz. Batzordeak, Kontseiluak eta garatutako jarduerak berak Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren bultzada ere badu.

Topaketan hirurogeita hamar emakume ijito inguruk hartu dute parte, gehienak Bizkaikoak, baina badira Gipuzkoa eta Arabakoak ere. Horiek gogoetak eta bizipenak partekatu dituzte Josefa Santiago gizarte-langile eta ijito aktibistarekin; baita hiru Lurraldeetako emakume ijitoen elkarteetako beste kideekin ere.

Bestalde, Emakundeko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariek ere hartu dute parte, baita Ernesto Sainz Lancharez Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak ere. Horrek nabarmendu du bere Zuzendaritzak Batzordean aipatutako ekimenekin duen konpromisoa eta etorkizunaren jabe egiteko ahaleginean saia daitezen animatu ditu emakume ijitoak.